XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abendua, giza-bide.

Gertakizunak bata bestearen ondoren, bata bestearen gaiñean.

Berriak, elkarri bultzaka, etengabe deika.

Andik eta emendik, gizakiaren inguru, tirabiraka, geldi-eziñeko zurrunbilloan.

Eta gizona, gu, ortxe, aruntz eta onuntz begira, zenbait dei eta indarren eragiñen erdian eta mendean.

Gaur gelditu gabe gabiltza gizon-emakumeok.

Eskuartean badugu beti zerbait.

Ezin iritxirik.

Ordurako ezin iñora agerturik.

Beti badugu zerbait entzuteko, esateko, egiteko.

Eta egoera onetan, zatituta, sakabanatuta aurki daiteke pertsona eta egiz aurkitzen dela nik uste.

Bere bizitza batasunera bilduko duen aririk gabe; egoera eta gertakizun guztien erdian eragingo dion elburu nagusi bat ez duela.

Beti zerbait egiten eta bizitzari zentzu nagusi eta sakon baten joskera eman eziñik.

Agian, auxe dugu gaurko gizon-emakumeon arriskurik nagusiena.

Mundua zatituta agertzen da; erria sakabanaturik ikusten dugu.

Baiña, zatiketarik aundiena eta gogorrena pertsona bakoitzaren barruan gertatzen dena da.

Nik neuk au nabaitzen dut nere barruan eta auxe bera nabaitzen baita nere inguruan dabiltzanengan ere.

Eta pertsona edo gizona ez du egiten gauza asko egiteak; egiten direnak, asko edo gutxi, barne-batasunaren arian biltzeak, baizik.

Bestela, axalkeria, arinkeria nagusitzen dira eta azken azkenean sakontasunik ez, bizitzaren egiazko gozamenik ez, barne-askatasunik ez.

Izan ere, nora doan ez dakiena, ez daiteke izan aske, ez da libre.

Eta, orrela, bere barruan, bere barruan zatituta, sakabanatuta eta lotuta dagoen pertsonak ezin dezake bere inguruan batasunik eta pakerik sortarazi.

Au da, noski, gaur gertatzen zaiguna: sarritan gertakizunen eta gauzen gain ezartzen dugu errua; baina, errua ez ote dago gero bakoitzaren barruko arinkerian eta sakontasun gabezian?.

Egoera ontan aurkitzen den gizonarentzat da Abenduak egiten duen deia eta luzatzen duen eskaintza.

Gizarte onen barruan, entzuten da gaur, Abendu-aldiaren bidetik, Jesusen Itza: Zaudete Erne! Eta zuei esana, guztiei esaten diet: Zaudete erne!.

Abendua, liturji-urte berriaren asiera.

Erdoitutako oiturakerizko eta legekerizko giza eta kristau bizitzatik berriztatze batera egiten zaigun deia.

Abendua, Gabon-Eguberri jaien ataria.

Gizonaren egiazko barne-poza eta batasuna ematen duen ur biziaren eskaintza.

Abendua, Jainko-etorreraren zai egoteko eskatzen digun garai berezia.

Jainkoaren etorrera edozein ordutan gertatu bait daiteke.

Garbiago esanda, Jainkoaren etorrera ordu guztietan gertatzen da.

Zaudete erne!.

Barruko ixiltasunetik gertakizunak eta berriak aztertuz eta bilduz.

Gertakizunen eta berrien ikutua barruko ixiltasunean bilduz.

Orrela, Abendu-aldia gerta daiteke giza-batasunaren garai pozgarria.

K.A.